Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
6.4. Carlosen lekukotasuna: buruko gaixotasuna duen 51 urteko gizona
Carlos gizon altua, indartsua, patxadatsua eta lasaia da; industria ingeniari teknikoaren ikasketak ditu eta oso tratu atseginekoa da.
Gaixotasuna hogeita bost urtean jasaten aritu bada ere, ados dago bere bizitzarekin, eta udalerri bizkaitar batean joaten den zentroko gainerako erabiltzaileekin eratutako harreman pertsonalen garrantzia azpimarratzen du.
Hiru seme-alabaren familiaren baitan jaio zen, eta anai-arrebetatik zaharrena da. Haurtzaroa poztasunez gogoratzen du, eta nerabezaroa eta gaztaroa ere zoriontsuak izan zituen bere lagunekin.
25 urte zituela, neskalaguna eta lanarekin, bere adineko inork bezalako bizi proiektua zuen: familia bat eratu nahi zuen eta hura aurrera atera. Bizi proiektu hau lehen krisi psikotiko bat agertzearekin apurtu zen, 27 urte zituelarik. Horren ondotik, ospitale psikiatriko batean sartu behar izan zuten:
"Bizitza pixka bat aldatu zitzaidan, gehiegi derrigortzen nintzen pentsatzen".
29 urterekin bigarren sarrera psikiatriko bat eduki zuen. Bigarren sarrera honen ondotik, egun duen eskizofrenia diagnostikatu zioten.
"29 urterekin izandako krisia ikaragarria izan zen, balde bat ezagutzea ere zaila egiten zitzaidan".
Neskalagunarekiko harreman afektiboa galdu egin zuen, eta ez daki nolatan galdu zituen ere adiskidetasunak. Kontua da pertsonen arteko harremanetarako zailtasunak dituen pertsona bat bihurtzen joan zela. Ezin izan zuen bere lanarekin jarraitu eta izugarri kostatzen zitzaion ordutegiak mantentzea nahiz bere orduan jaikitzea. Pixkanaka okerrerantz egiten zihoan, eta, horregatik, erabateko baliaezintasun iraunkorra aitortu zioten, % 65eko ezgaitasun mailarekin.
Gaur egun bakarrik bizi da landa eremuan, eta egunero joaten den elkarteko laguntza du. Bertan, errehabilitazio prozesuan laguntzen diote. Anai-arreben laguntza du, haiek ere eskukaldia ematen diotelako, eta baita garbiketa lanak egiteko etxera joaten den pertsona baten laguntza ere:
"Anaia-arrebek gauza dezente ordaintzen dizkidate".
"Nik garbiketa lanekin ezin dut, mundu oso bat egiten dira niretzat, eta otorduekin ezta ere".
Aitortzen du elkarteak emandako laguntzak (zentroak berak eta gainerako euskarriak) ezinbestekoak direla beretzat.
Mendetasun egoera aitortzeko eskatu zuen, eta autonomotzat jo dute. Aitortzen du ebazpena ikusi zuenean ez ziola garrantzirik eman. Barrutik lorpen txiki bat izango balitz bezala da, beretzat ez delako atsegina mendekotzat jotzea. Egunero atenditzen duten profesionalen arabera, mendetasun arinaren barruan egongo litzatekeen pertsona bat da, izan ere, argi eta garbi laguntza behar du neurri bateko autonomia mantendu ahal izateko.
Buruko gaixotasunak eragin emozional garrantzitsua ekarri dio, izan ere, harremanak eratzeko zailtasunak ditu. Esan digunaren arabera, egunero joaten den zentroan bakarrik ditu lagunak:
"Nire lagunak burutik gaixo dauden pertsonak dira bakarrik".
Horren zergatiari buruz galdetzerakoan, gainerakoekin harremanak eratzeak dakartzan zailtasunez hitz egin digu:
"Besteen begiradetan antzematen dut ez nautela onartzen. Herrian mamu bat izango banintz bezala begiratzen naute".
Familia arteko harremanek ere okerrera egin zuten gaixotasunaren ondorioz, nahiz eta denborarekin hoberantz egin duten.
Gaur egun, kezkaturik dago Bizkaiko Foru Aldundiaren partetik jaso zuen erantzunarekin mendetasun egoera aitortzeari dagokionez. Bertan pertsona autonomotzat jo zuten. Bere kezka nagusia hau da: azaldu diotenez, okupazio zentrora joaten jarraitzeko, mendetasuna aitor diezaiotela behar du. Gaur egun, ebazpena berraztertzeko prozesuan dago eta espero du, zentroko profesionalek esan dioten bezala, mendetasun mailaren bat aitor diezaiotela.
Okupazio zentroari buruz hitz egin digu –bere laguntza nagusia–; hara egunero joaten da goizez. Halaber, profesional arduradunen jarraibideen ondotik han garatzen dituen lanei buruz hitz egin digu. Zentro honek aukera ematen dio errehabilitazio prozesuarekin jarraitzeko eta eguneroko jarduera edukitzeko gaixotasunaren beraren sintomen aurka borrokatzeko. Baina berarentzat, zentroa zerbait gehiago ere bada: lagunekin elkartzeko eta isolaturik sentitzea saihesteko toki bat. Halaber, adierazi du zentroak lagundu egin diola bere gaixotasunean berezkoak diren krisiak saihesten.
Koordinazioari dagokionez, esan du ez duela ulertzen zergatik jotzen duen ebazpen batek pertsona autonomotzat, berekin egunero dauden profesionalek mendetasun mailaren bat duen pertsona bezala baloratzen dutenean:
"Profesional hauekin harremanetan jarri behar ziratekeen eta haiei iritzia eskatu laguntzarekin egiten dudanari eta laguntzarik gabe egiten dudanari buruz. Niri kosta egiten zait onartzea laguntza behar dudala, baina ezagutzen nauten profesionalek benetan dakite zertarako behar dudan nik laguntza hori".
Carlosek bere egunerokotasunari buruz hitz egin digu. Jaiki eta gosaldu egiten du –onartu egiten du goizetan egunari ekitea kosta egiten zaiola–, eta ondoren txakurrei jaten ematen die:
"Goizez kosta egiten zait pixka bat martxan jartzea (zentrora etortzeko), eta arratsaldez ez naiz ateratzen".
"Txakurrek hain bakarrik ez sentitzen laguntzen didate".
Berak esan bezala, pixkanaka "egunari ekiten dio", okupazio zentrora joaten da eta han goiza pasatzen du piezak egiten, edo, bestela, baratzean, lurra landuz. Zentroan bertako kideekin hitz egiten du eta gustura dago. Bazkaldu eta gero etxean gelditzen da eta lo egiten du, oso nekatuta egoten delako eta atseden hartzea beharrezkoa zaiolako. Gutxi gorabehera, egunero berdina egiten du.
Lekukotasun honen kasuan, atenditzen duten hainbat profesionalei galdetu egin diegu. Haiek adierazi digute Carlosek errehabilitazio baliabide gisa behar duela okupazio zentrora joan, eta, hala ez balitz, oheratuta egotea ekarri ahalko lukeen isolamendu kasu argi bat litzatekeela. Bestalde, otorduak eta etxeko lanak antolatzeko laguntza behar duela esan digute, beraz, badirudi egokia litzatekeela etxeko laguntza zerbitzua hari antolatzea.